Pentsaera Konputazionala
Pentsaera Konputazionala, aurrerantzean PK, azken hamarkadetan zabaldu eta garatu den kontzeptua da, eta haren definizioak ere aldatzen joan dira, ikuspegi pedagogiko, teknologiko eta zientifiko desberdinetara egokituz. Asko dira literaturan aurki daitezkeen definizioak eta hemen horietako batzuk aztertuko ditugu, baina oso interesgarria da gaiaren garapen historikoari buruzko ikuspegi sakonago bat eskaintzen duen Denning eta Tedre-ren The long quest for computational thinking (2019) artikulua. Bertan azaltzen da nola denboran zehar kontzeptua era askotara interpretatu eta berreraiki den.
Jeannette Wing izan zen kontzeptuaren bultzatzaile nagusietako bat, eta haren definizioetan ikus daiteke PKren ikuspegiaren eboluzioa. Lehenagotik ere ideia hori existitzen bazen ere 2006an, Wing-ek "PK informatikaren oinarrizko kontzeptuetan oinarrituz, arazoak ebazteko, sistemak diseinatzeko eta giza portaera ulertzeko gaitasun" gisa definitu zuen. Hasierako definizio honek ikuspegi zabala hartzen du, PKren aplikagarritasuna adieraziz arlo teknikoaz harago ere, esaterako giza jokabidea ulertzeko tresna gisa.
2011n, Wing-en definizioa zehaztuago bihurtzen da: orain, PK "problemen eta haien soluzioen formulazioarekin lotutako pentsaera-prozesuak dira, soluzio horiek informazioa prozesatzen duen agente batek modu eraginkorrean gauzatu ditzakeen eran adieraz daitezen". Hemen, fokua arazoen formulazioan eta konputagailuak —edo bestelako agente informatikoak— uler ditzakeen irudikapenetan jartzen da. Definizio honek argiago uzten du PKren oinarria automatizazioan eta algoritmoetan dagoela.
INTEF (Instituto Nacional de Tecnologías Educativas y de Formación del Profesorado) erakundearen definizioa pedagogikoagoa da eta ikuspegi praktikoago batetik dator: "PK, arazoak ebazteko eta ideiak komunikatzeko gaitasuna da, konputagailuek eskaintzen duten potentziala baliatuz". Hemen, arreta gehiago jartzen da PKren erabileran, hau da, teknologiarekin elkarrekintza eraginkorra lortzean, hezkuntzari begira batez ere.
Azkenik, Enrico Nardelly-k 2019an emandako definizioa are zehatzagoa bihurtzen da: "PK, egoera bat modelatzearekin eta agente informatiko batek egoera horretan modu eraginkorrean jarduteko moduak zehaztearekin lotutako pentsatze-prozesuak" direla dio. Honek PKren alderdi sistemikoa eta helburuetara orientatutakoa azpimarratzen du: ez da soilik arazoak formulatzea, baizik eta helburu jakin bat lortzeko ekintzak planifikatzea eta modelatzea, agente informatiko batek gauzatu ahal izateko.
Ondorio gisa, ikus daiteke definizio hauek norabide espezifikora doazela: ikuspegi orokor batetik (2006) ikuspegi teknikoago eta aplikatuago batera (2019), eta bidean ikuspegi pedagogikoak (INTEF) ere txertatzen direla. Definizioen bilakaerak erakusten du PK ez dela soilik konputagailuekin zerikusia duen kontzeptu bat, baizik eta problemak ulertu eta ebazteko modu bat dela, gero eta sistematizatuagoa eta aplikatuagoa dena, bai hezkuntzan, bai teknologian, bai gizartean oro har.
Bestalde, kritika dezente izan ditu PK, hain zuzen ere definizioaren zehaztasun faltagatik, baina Enrico Nardelliren 2019ko artikuluak hainbat lanbideetako profesionalek PKren inguruan adierazi dituzten zalantzak aipatzen ditu honela:
-
Filosofoek "Pentsaera irakastea" zer den galdetzen dute, eta PK irakastearen esanahia zalantzan jartzen dute.
-
Matematikariek PK-ren ezaugarri asko (abstrakzioa, errekurtsibitatea, arazoen ebazpena...) matematikaren parte ere badirela diote, eta ez dute "pentsaera matematikoa" terminoa erabiltzen; beraz, PK kontzeptua bereizia den ala ez eztabaidatzen dute.
-
Pedagogoek PK hezkuntzan benetan eraginkorra den ala ez galdetzen dute, eta nola irakatsi behar den argitzeko beharra ikusten dute.
-
Irakasleak Ez dakite zein tresna eta metodo erabil daitezkeen PK irakasteko, eta nola prestatu behar diren horretarako.
-
Gurasoak: Positiboki ikusten dute teknologia hezkuntzan sartzea, baina kezka agertzen dute seme-alabak gaur egungo programazio-lengoaiekin soilik aritzen badira, etorkizunari begira prest egongo ote diren.
Guzti hau azalduta, Enrico Nardellik azpimarratzen du PK kontzeptuaren inguruan azaltzen diren zalantza eta kezka hauek kontuan hartu behar direla, bereziki hezkuntza-eremuan. PK kontzeptuaren erabilera argia eta egokia izatea funtsezkoa baita, eta informatikaren irakaskuntza oinarri sendo batean bermatzea beharrezkoa da, nahasmenak saihesteko eta hezkuntza-helburuak lortzeko.
Horregaitik zehazten du:
- informatikariok ez dugula uste gure pentsatzeko modua besteena baino hobea denik, baina errealitatea adierazteko paradigma osagarri eta erabilgarriak eskaintzen dituela;
- ez garela sistema eta tresnei buruz ari, baizik eta konputazioaren kontzeptu zientifikoaz;
- ahalik eta gehien azpimarratu behar dela informazioa prozesatzeko agentearen parte-hartzea. Eragilerik eta eraginkortasunez jarduteko gaitasunik gabe, ez baitago informatikarik;
- eta
aipatu ditugun definizioetako edozein azalpen gisa hartu beharrean
diziplina berri baten definiziotzat hartu eta erabat operatibizatzen
saiatzeak onura baino arazo gehiago eragiten dituela.
Beraz, uler dezakegu helburua ez dela PK bera irakastea, baizik eta Informatika irakastea eta horren bitartez beste arlo batzuetan ere erabilgarria den PK sustatzea. Izan ere Informatikan sortzen diren arazoetako asko egunerokotasunean sortzen diren arazoak dira.
PKn
parte hartzen duten prozesuak ikus daitezke hurrengo irudian. Egia
da,
![]() |
Irudia Barefoot computing-ena da, itzulpena Edurne Larraza Mendiluzek egina |
Jarraian pare bat bideotarako estekak dituzue. Bideo hauek, PK zer den azaltzen dute. Ingelesez daude, baina YouTubeko esteka sakatuz gero, automatikoki euskarazko azpitituluekin agertuko zaizkizue.
Ikusi bideoa YouTuben | Ikusi bideoa YouTuben |
Ikusi bideoa YouTuben | Ikusi bideoa YouTuben |