Mezu Trukea Jarduera Denbora: 20 Minutu
Sarrera
Aurrezagutzak
Zenbakikuntza bitarra.
Helburuak
- Letrak eta bestelako testuzko ikurrak ere bitarrez kodetu daitezkeela jabetzea.
- Erabiltzen ditugun zenbaki eta karaktereak ulertzen ditugun bezala ulertzen ditugu hala adostu eta irakatsi digutelako. Beste modu batzuk adostu daitezke eta horrela ordezko komunikazio moduak sortu.
Laburpena
Egia da euskaraz 27 hizkik osatzen dutela alfabetoa. Baina idazterako orduan, hizki horiek hainbat forma har ditzakete: larriz, xehez, kurtsibaz... Eta ezin ahaztu ere hainbat ikur erabiltzen ditugula: ?,!,(,/... Gainera beste hizkuntza batzuetan guk erabiltzen ez ditugun beste ikur batzuk ere erabiltzen dituzte. Horregatik, hizkiak sistema bitarrera pasatzeko hainbat kodeketa erabiltzen dira.
Jarduera honetan partaide guztiok erabiliko dugun kodeketa bat asmatu dugu. Karaktere zein zenbaki bakoitzeko 8 biteko kodea (byte bat) erabiliko dugu eta kodeketa hori erabiliz bakoitzak bere izena eta gelako zenbakia idatziko du fitxa batean. Gero, fitxa guztiak nahastu eta banatuko ditugu. Ikasle bakoitzak asmatu beharko du gelako zein kideren orria egokitu zaion.
Materialak eta Antolakuntza
Materialak
- Karaktere kodeketa taula
- Mezua idazteko fitxa
- Arkatza edo boligrafoa.
Antolakuntza
- Irakaslea arbelean kokatuko da karaktereen kodeketa taula azaltzeko eta jarraibideak emateko.
- Ikasleak bakarka arituko dira bakoitza bere fitxan, irakasleek zalantzekin lagunduko dutelarik.
Hiztegia
- ASCII: Alfabeto latinean oinarritutako karaktereen kodeketa. Adi! Hemen erabili dugun kodeketa ez da ASCII, guk asmatutakoa baizik, eta ASCIIz gain beste kodeketa asko existitzen dira. Nolabait konputagailuari adierazi behar izaten zaio zein kodeketa erabili behar den.
- Pixel: Irudi digital baten unitate txikiena da. Koloreak erabili behar direnean bit bakarra (0 eta 1) ez da nahikoa eta bit gehiago erabili behar dira. Horretarako ere hainbat kodeketa existitzen dira (RGB, CMYC, etab.).
- Byte: 8 biteko multzoek osatzen dituzte byteak.
Jarraibideak
1. Jarduera: Mezu Trukea
- DBHko ikasle batek proiektorearen bidez erakutsiko du karaktereen kodeketa taula eta berau azalduko du, bertan ikusgai utziko duelarik.
- Banatu izena idazteko fitxa.
- Nork bere izena idatzi behar du banatutako fitxan, sistema bitarrean adierazitako kodeketaren arabera. Bukaeran gelako zenbakia ere idatzi beharko dute hau, zenbaki bitarren bidez (bestela byte gehiago beharko lirateke eta).
- Jaso fitxa guztiak, nahastu eta berriro banatu ikasleen artean, ausaz.
- Ikasle bakoitzak jaso duen mezua deszifratu beharko du asmatzeko zeinengandik jaso duen eta ziurtatu beharko du asmatu duela.
Argibideak
- Zenbat kode desberdin behar ditugu? 27 letra larri, 27 letra xehe eta 19 karaktere. Denera, 73 kode desberdin.
- Nola adierazten da 73 bitarrez? Hau kalkulatzeko modu erraza dago. Bitarretik hamartarra kalkulatzeko 0koak eta 1ekoak posizioaren arabera 2rekin biderkatuz joan baldin bagara, kontrako eragiketa zein izango da? —zatiketa. Hondarrean (parentesi artean adierazita) geratzen diren 0ko eta 1ekoak dira zenbakia osatuko dutenak.
- Beraz, 7 bitekin behar ditugun kode guztiak adieraz ditzakegu. Dena den, bitak normalean 8ko multzotan antolatzen dira. 8 biteko multzo horiei byte deritze. Eta byte bat hartuz gero, kodeketa modu ulerterrazago batean antola dezakegu. Esate baterako, karaktere multzo bakoitzean (letra larriak, letra xeheak, bestelako karaktereak) 27 karaktere daude gehienez. Zenbat bit behar dira 27 kode desberdin sortzeko?
- Beste 3 bitak karaktere bakoitza zein multzotakoa den
esateko erabil daitezke. Adibidez:
- 001 - bestelako karaktereak
- 010 - letra larriak
- 011 - letra xeheak
- Eta horrela oraindik beste kodeketa bat geratzen zaigu, 000, zenbakiak adierazteko beraz 000 10100 kodeak 20 zenbaki hamartarra adieraziko luke.
![](http://jolasmatika.i2basque.eus/wp-content/uploads/2022/04/Konponduta.png)
![](http://jolasmatika.i2basque.eus/wp-content/uploads/2022/03/Captura-de-pantalla-de-2022-03-27-12-36-16.png)
![](https://jolasmatika.i2basque.eus/wp-content/uploads/2022/02/Patrozina-1-1024x294.png)