Algoritmoak eta Programazioa
Motibazioa
Askotan konputagailuak erabiltzen ditugu konturatu gabe zenbat lan dagoen atzean gertatzen dena gertatzeko. Konputagailua Informatikak duen helburuarekin erabili ahal izateko, berau programatzen jakin behar da, hau da, konputagailuaren hizkuntza ikasi behar da. Magia puntu bat ikusten dugu konputagailuen funtzionamenduan. Kontua da ez dela magia, modu zehatz batean adierazi zaizkion aginduak jarraitu baino ez du egiten konputagailuak. Horregatik, konputagailuei ahalik eta etekin handiena atera ahal izateko, garrantzitsua da jakitea gutxienez programazioaren oinarriak. Dena den programa baten kodea idatzi aurretik zer egin behar dugun ongi pentsatu behar da eta algoritmo on bat diseinatu behar da, gero gauzak ongi edo gaizki joan diren jakiteko eta gaizki joan badira, akatsak zuzentzeko gai izateko.
Helburu didaktikoak
Ikasleek lortuko lukeetena:
- Algoritmo bat zer den jakitea.
- Algoritmo sinple bat garatzeko gai izatea.
- Algoritmoen eta programen artean dagoen lotura ulertzea.
- Programazioaren oinarrizko kontzeptuak, agindu-sekuentzia, begizta eta baldintza erabiltzen jakitea.
- Lehen programa sinpleak garatzea.
- Programa horien zuzentasuna aztertzea eta akatsak egonez gero zuzentzeko bidea topatzea.
- Guzti horretan Pentsaera konputazionalaren urratsak identifikatzea.
- Taldean lanean aritzea.
Irakaskuntza Gida
EMAKUMEAK INFORMATIKAREN HISTORIAn
By Unknown (Smithsonian Institution)
Flickr: Grace Hopper and UNIVAC, CC BY 2.0,
https://commons.wikimedia.org/w/index.php?curid=19763543
Grace Hopper (1906 - 1992)
Oso programatzaile trebea izan zen. Estatu Batuetako lehen konputagailu komertzialetako bat, UNIVAC-a, programatzen aritu zen besteen artean. Gerora, programak makina batetik bestera eramatea kezkatzen zuen lana gehiegizkoa zela eta, makinarekiko independenteak izango ziren programazio-lengoaien ideia izan eta zabaldu zuen eta horren harira, gaur egun oraindik erabiltzen den COBOL programazio lengoaia garatu zuen.
JARDUERAK
Jarraian unitate didaktiko hau lantzeko erabil ditzakezun jarduerak topatuko dituzu....................................................................
Istorioa
...................................................................Galdutako Karta
...................................................................Dado Lasterketa
...................................................................Laberintoak
...................................................................BESTE BALIABIDEAK
Ikasketa zabaldu
SCIE eta CODDllren Informatika curriculuma
Unitate didaktiko honetan lantzen dugunaren inguruan SCIE/CODDII txostenak dio Lehen Hezkuntzako ikasleek gai izan behar dutela modu ordenatuan eta zehatzean problema sinple bat ebazteko urratsak adierazten eta problema bat bere programazioa erraztuko duten problema errazagoetan banatzen. Txosten honetan algoritmika, eraginkortasunaren ikuspuntutik ez da txertatzen batxilergora arte, baina algoritmoak jorratzen ditugun bitartean eraginkortasunaren ideia txertatzea jolas gisa egokia deritzogu.
Programazioari buruz dio, Lehen Hezkuntzako ikasleek ulertu behar dutela programak gailu digital batean exekutatzen direla eta hori gertatu ahal izateko agindu zehatzak erabiltzen dituen lengoaia bat erabili behar dela; gai izan behar dutela bloke bidezko (guk erabilitakoa) programazio lengoaia erabiltzen; agindu-sekuentziak, begiztak, baldintzak, paralelismoa, aldagaiak eta adierazpenak erabiliz ataza zehatzak aurrera eramaten dituen programak eraikitzeko gai izan behar dutela; eta arrazonamendu logikoa erabiltzeko gai izan behar dutela, bloke bidez eraikitako programen portaera adierazteko eta bertan akatsak aurkitu eta zuzentzeko.
DBHko ikasleek ordea jada oinarrizko testuzko programazio lengoaiaren bat erabili behar du, horren barruan datu-motak, funtzioak eta prozedurak erabiliz. Gai izan behar dute weberako edo mugikorretarako programak garatzeko eta logikoki programaren emaitza aurreikusteko eta akatsak aurkitu eta zuzentzeko eta programazio prozesu baten urratsak (analisia, diseinua, edizioa, konpilazioa, probak, arazketa, dokumentazioa eta garapen inkrementala) ulertu behar dituztela eta hori guztia modu egituratu batean azaltzeko kapaz izan behar dutela.