STEM arloetako genero arrakala, Informatika terminoak eragiten duen nahasmena eta Informatikak sortzen dituen teknologien atzean dagoen zientziaren ezezagutza mahai gainean ditugu gaur egun. Ondorioz, Informatika Ingeniaritzako Gradura gerturatzen den neska kopurua urria da eta gazte askok sorpresa handia hartzen du bertan ikasten denarekin. Gainera, Informatika ikasiko ez dutenek ere, konputagailuak gero eta maizago erabili beharko dituzte eta gazteek tresnarekiko duten ezezagutza nabarmenada.
Arrazoi horiengatik guztiengatik, Informatika-zientzia hiritar guztiei zabaltzeko saiakera egin nahi dugu, eragin-gunea derrigorrezko hezkuntzan jarri dugularik.
Informatikaren ezagutza lehen hezkuntzaraino (LH) transmititzeko, ur-jauzi metodologia proposatzen dugu, non ikasleek beraiek egiten duten ezagutzaren transferentzia goiko mailetatik beherantz. UPV/EHUko Informatika Ingeniaritza Graduko (IIG) ikasleak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) ikasleen irakasle bilakatzen dira eta DBHko ikasleak LHko ikasleen irakasle izango dira. LH eta DBHko irakasleen prestakuntza-saioak ere aurreikusten dira.
Irakaskuntza horren oinarria gainera teknologiarekin berarekin harremanik gabekoa eta jolasen bidezkoa izango da. Horrela, ikasleek ikusi ahal izango dute ez dela berdina konputagailuen funtzionamendua ulertzea eta horien laguntzaz problemak ebaztea edo dagoeneko garatuta dauden tresnak erabiltzea